Milaka euskaltzale bildu da Ibilaldian Abusun

Pandemiaren osteko lehen Ibilaldi handia Milaka lagun gerturatu dira Bilbora eta Arrigorriagara ikastolei eta euskarari eta euskal kulturari hauspoa ematera Goizean goizetik milaka lagun hurbildu dira, gaur, Bilbora eta Arrigorriagara, Abusu ikastolak prestatu duen Ibilaldiaz gozatzera. Eguraldia lagun, pandemiaren osteko lehen Ibilaldi handia horixe ari da izaten, handia. Lehenbiziko ordu hauetan egin dezakegun baloraziorik baikorrena da. Desiratzen genuen eguna betetzen ari zaigu.

Giro paregabea, bai eguraldiarengatik, bai eta Bilbora eta Arrigorriaga iritsi den jendetzaren aldetik ere. Gogotsu ari dira disfrutatzen egun honetarako prestatu dugun egitarauaz, gune batetik besterako txangoaz, musikaz, dantzaz eta askotariko ikuskizun eta tailerrez. Txiki zein handi izan, guztiek dute egun pasa zoragarria egiteko aukera, guztiek daukate parte hartzeko aukera, eta oroz bat, guztiak ari dira ikastolei eta euskarari hauspo erraldoia ematen.

Jaia eta aldarrikapena

Bizkaiko ikastolen jai handia, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko eta haiek hauspotzeko jaia da, ikastolen jai guztiak bezalaxe. Baina aldarrikatzeko jaiak ere badira guztiak. Gaurko ekitaldian, Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek bi aldarrikapen egin ditu. Batetik, pandemia garaian euskarak eta euskal kulturak galdu dituzten esparruak berreskuratzera dei egin du. Asteon Soziolinguistika Klusterrak eginiko kale neurketa hizpide hartuta, adierazi du euskararen erabileraren beheranzko joera eten egin dela. Pasa ditugun bi urte gogor hauek aintzat hartuta, “ez da albiste txarra”, esan du. “Baina, ikerketa horren beste aldeak erakusten digu euskararen egoerak geldialdian segitzen duela. Ez da atsegina egoera hau. Ikastolak ez ginen sortu euskarak irauteko; euskararen egoera iraultzeko jaio ginen, euskaraz egiteko eta euskaraz eragiteko. Horretan dihardugu eta horretan jarraituko dugu”, azaldu du Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakariak.

Hezkuntza Legea, eskola segregazioa eta jaiotzen beherakada ere hizpide izan ditu. Azken bi erronka horiei erantzuteko tresna eraginkorrena planifikazioa dela esan du. “Planifikazioa bai, baina denontzako irizpide berak ezarriz eta gardentasun osoz jokatuz”, zehaztu du Bañalesek. “Eta arreta berezia ezarrita ikastetxe txikiei, ezin baita errezeta bera erabili bi, hiru edo lau lerrotako ikastetxeentzat eta bakarra dutenentzat, handi edo txiki izan, guztiek betetzen dute-eta herri honetan, funtsezko eginkizun bat: gure seme alabak heztea”.

Abusutik Ondarrura

Egun osoko jaia den arren, heldu den urteari ere begira ari da Ibilaldia, eta gaurko jaiari hasiera emateko ekitaldian bertan pasa dio Ibilaldiaren lekukoa Abusu Ikastolak Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolari. Ondarrutarrek Abusukoek bezain gogotsu ariko direla adierazi dute 2023ko Ibilaldia prestatzen.