Abusu Ikastola, 2021-2022 ikasturtea jada martxan da

 

Hasierak beti ohi dira gogorrak eta gure txikiek honako hau ondo dakite, horregatik Abusu Ikastolak ikasturte hasiera leuna eta lasaia eskaini nahi die umeei baita familiei ere.

Planteatzen dugun egokitzapenak umeen erritmoak, beharrak eta nahiak errespetatzen ditu eta konfiantzan oinarritzen da.

Gure helburua, gurasoekiko banaketa umearentzat, familiarentzat eta hezitzaileentzat ahalik eta gozoena izatea da, denok gustura, seguru, eroso… sentiarazi daitezen.

Egokitzapen aldian umeak baita familiak ere ikastolara ohitu behar dira, are gehiago, ikastola bera ere moldatu behar da egoera berrira.

Familiek prozesuan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu behar da. Gehien maite dutena ezezagunen esku uzten dute eta egokitzapenak aukera ematen die hezitzaileak eta beraien lana gertutik ezagutzeko.

Garai honetan konfiantza eraikitzen da, beraz, gurasoek hezitzailearengan konfiantza jartzeko unea da, baita hezitzaileek familiarengan ere, pixkanaka-pixkanaka beraien arteko harremanak sendotuz eta seguruago eta lasaiago sentituz.

Hezitzailea atxikimendu irudi segurua bilakatuko da haurrarentzat. Egunero eskainiko dio babesa, segurtasuna, konfiantza… eta lagundu egingo dio ikusten eta ulertzen behar duen edozein gauzatarako bere ondoan egongo dela.

Konfiantza, lasaitasuna eta gardentasuna, egokitzapenerako ez ezik, bidelagun onak dira gure egunerokotasunean.

EGOKITZAPENA