Juul kanpaina baliatuz ikastolan haurren irakurtzeko zaletasuna bultzatzen ari gara

Apirilaren 2an ospatuko den haur eta gazte literaturaren nazioarteko eguna ospatzeko asmoz eta Juul kanpaina baliatuz, Abusu Ikastolan aste hauetan zehar irakurzaletasuna bultzatzeko ekintzak egiten ari gara etapa ezberdinetan. Ikastolako hizkuntza proiektuan oinarrituta apirilaren 1era arte Haur Hezkuntzan (HH) irakasleek ipuin berrien irakurketa egingo dute. Bestalde Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) martxoaren 21ean ikasleek etxetik euskarazko liburu bat ekarri zuten. Geroztik irakurketa espazioak dituzte egunero denbora tarte baten (15 minutu) liburu hori irakurri ahal izateko.

Ondoren aste hauetan zehar ikasleek irakurriko dituzten liburuen azalekin ikastolako espazioak apainduko ditugu.

Guzti horrekin batera goizero ikasleek Juul kanpainaren inguruko informazio txikia jasotzen dute. Juul Kanpaina liburu eta ilustratzaileen hautatze kanpaina bat da eta bere helburua Euskal Herriko ikastoletan haurren irakurtzeko zaletasuna bultzatzea da. Ikasleek, mailaren arabera, gustukoen dituzten euskarazko liburuak eta ilustratzaileak bozkatzen dituzte. Kanpaina hau Abusu Ikastolak irakurzaletasuna bultzatzeko duen programan txertatzen da, ondorioz martxoaren 30ean, asteazkenean, Juul kanpainaren idazle eta ilustratzaile gustokoenen bozketa egingo dugu. HH eta LH4. mailara arte, botoa paperean emango dute. LH5etik aurrera ordea telematikoki emango dute beraien botoa. Kanpainaren amaieran gure sare sozialetan liburu eta ilustratzaile irabazleen izenak jakinaraziko ditugu.