Korrikaren hasierarekin batera Abusu Ikastolan unitate ezberdinak landuko ditugu

Geroz eta gutxiago falta da 22. korrika Abusura iristeko, horregatik Abusu Ikastolan hainbat kultur ekitaldi antolatu ditugu egunotarako. Bihar Amurriotik irten eta Donostian amaituko lasterkaldia apirilaren 6an Bilbora iritsiko da eta egun horretarako Abusuko La Campan jardueraz beteriko jaia antolatu dugu. 17:30etik aurrera Herri Kirolak, peto tailerra, txokolate jatea, erromeria, bertsolariak eta Abusutarrak abesbatzarekin gozatzeko aukera izango dugu. Jaialdian auzotar guztiak eta baita kanpotarrak ere parte hartzera gonbidatuko ditugu. 20:30ak aldera bakoitza bere kilometrora hurbiltzen joango da. Behin korrika Abusun sartuta Ikastolaren Aurrean 1598. kilometroan lekukoa hartuko dugu, ondoren Bolintxu elkarteari pasako diogu eta honek Abusuko auzo elkarteei.

Ikastolaren lekukoa

Ikasleei Korrikaren inguruko lan artistiko bat (marrazki bat, bideo bat, argazki bat…) etxean egiteko proposatuko zaie eta zozketa bidez hautatzen den ikasleak izango du Abusu Ikastolaren lekukoa eramateko aukera. Korrikaren mezuak dioen moduan Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak. Horregatik ekintza horien baitan Abusu Ikastolan etapa ezberdinetan Korrikarekin zerikusia duten unitateak landuko ditugu apirilaren lehen astean. Horien artean Korrikaren ibilbidea erakusten duten mapa erraldoiak eskegiko ditugu ikastolako hormetan, Ikasleek egunero lasterketa Euskal Herriko zein txokotan dabilen begiratu eta aztertu dezaten. Honela ikasleak Euskara, euskal kultura eta oro har Euskal Herriaz harro sentitzea lortuko dugu.