Skip to main content

Ikastolen Elkarteak azken hiru urteetako matrikulazio prozesuen balorazio oso kritikoa egiten du

“Azken hiru urteetan egin den matrikularen-kudeaketak ez du segregazioa bukatzeko balio”

Irudia
Agerraldia Gazteiz 2025

Dekretuak ondorio negatiboak ekarri ditu 

Ikastolen Elkarteak azken hiru urteetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako matrikulazio prozesuaren inguruan balorazio oso kritikoa egin du. Elkartearen iritziz, 2023ko maiatzean indarrean jarritako dekretuak ez du segregazioa amaitzeko balio izan; are gehiago, egoera areagotu eta hainbat albo kalte sortu ditu. 

Hezkuntza Sailaren asmoa eskolaratze inklusiboa eta ekitatiboa bultzatzea bazen ere, Ikastolen Elkartearen esanetan, zaurgarritasun-indizearen kalkulurako erabilitako formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere. Familiak borondatez betetzen duten galdetegian oinarritutako sistema honek ez du benetako egoera islatzen, eta, ondorioz, esleipen-politikak desorekatuak dira. 

Horretaz gain, dekretuak ikastolen matrikulazio kopurua mugatu duela salatu dute, baita gelak hutsik egon arren ere. Honek ikastolen gaitasuna kaltetzen du eta familiaren hautatzeko eskubidea murrizten du. 

 

Matrikula bizia eta banaketa desorekatua 

Ikasturtean zehar heltzen diren ikasleen –batez ere atzerritar jatorriko edo egoera zaurgarrian daudenen– banaketa ere desorekatua dela ohartarazi dute. Matrikula bizia, teorian eskola-sare guztietan oreka bermatzeko baliabide izan beharko litzatekeena, ez da behar bezala erabiltzen. Azken urteotan, ikastoletara etorritako ikasle zaurgarrien kopurua igo den arren, oraindik banaketa ez da orekatua eta irizpide falta antzematen dute. 

 

Zonifikazioaren eragina eta eskubideen urraketa 

Zonifikazioak ere segregazioa indartzen duela salatu dute. Hiri-antolaketak, auzoen banaketak eta eragin-eremuen konfigurazioak, sarri, familien jatorri sozioekonomikoaren araberako banaketa indartzen dute, eta horrek ikasle zaurgarrien kontzentrazioa dakar ikastetxe jakin batzuetan. Gainera, familiek seme-alaben hezkuntza zentroa aukeratzeko duten eskubidea ez dela beti bermatzen azpimarratu dute. 

 

Proposamen zehatzak hezkuntza sistemaren hobekuntzarako 

Egoera kezkagarri horren aurrean, Ikastolen Elkarteak hainbat neurri proposatu ditu hezkuntza sistema inklusiboago eta bidezkoago bat lortzeko: 

  1. Zaurgarritasun-indize berria: Datu objektibo eta egiaztagarrietan oinarritutako formula bat proposatzen dute, errenta, ondasunak edo lan egoera bezalako adierazleekin. 

  2. Eragin-eremuen berrikuspena: Zonifikazioa modu orekatuan eta bidezkoan diseinatzea, segregazioa saihesteko. 

  3. Udal matrikulazio bulego neutroak: Informazio gardena eta parekatua eskaintzeko, familia guztiei aukera berdinak bermatuz. 

  4. Matrikula bizia berrantolatzea: Prozesua gardenagoa eta orekatuagoa bihurtzea, hezkuntza sistemaren oreka bermatzeko. 

  5. Ikastola ereduaren babesa: Ikastolei Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barnean trataera bera eskaintzea, eskaintzaren arabera egokituz eta matrikulazio-gaitasuna murriztu gabe. 

 

Ikastolen ekarpen propioa: neurriak eta konpromisoak 

Hezkuntza sistemaren eraldaketa prozesuan eragile aktibo izateko borondatea erakutsi dute ikastolek. Horretarako, hurrengo neurriak ezarriko dituzte: 

  • Beka-sistema propioa: Ikastola guztietan ezarriko da, ikasle guztiei sarbide unibertsala bermatzeko. 

  • Euskalduntze plan berria: Etxetik euskara ez dakarten ikasleentzat, murgiltze egitasmo berriak martxan jarriko dira, herri mailan edo, ahal ez denean, ikastola barruan. 

  • Familiei jarraipena bermatzea: Ikastola hautatu duten familiek proiektuan jarraitu ahal izateko konpromisoa hartu dute. 

 

Amaitzeko: Etorkizuna hezkuntzatik eraikitzen 

Ikastolen Elkarteak berretsi du euskal hezkuntza sistemaren aldeko konpromisoa, eta gizarte osoaren inplikazioa eskatu du: familien konfiantza, erakundeen babesa eta gizarte eragileen arteko elkarlana ezinbestekoak direla azpimarratu dute. 

 

“Hezkuntzatik, euskaratik eta komunitatetik, biharko Herria eraikitzen jarraituko dugu.”

PO_MatrikulazioProzesuarenBalorazioa_250529_eu.pdf
PO_MatrikulazioProzesuarenBalorazioa_250529_es.pdf

Azken albisteak

Ikastolako egoitzan izango da, lehen deialdia 17:00etan, bigarren deialdia 17:30tan eta hirugarren deialdia 18:00etan, ondorengo gai ordena jarraituz:
Gabonetako oporrei begira Abusu Ikastolak Negulekuak eskainiko ditu HH3tik LH6ko ikasleentzat, Ikastolak sareko Zirimola aisialdi taldearen eskutik. Bi txanda eskainiko dira: 
Abusu Ikastolako irakasle talde batzuk parte hartu zuten Berbagunea XII. edizioan, Azkuna Zentroan ospatutako euskaraz hitz egiteko topaketan.
 2025ko azaroaren 21a