Apirila hilabete berezia izan da gure ikastolan; izan ere, literaturak hartu du protagonismo osoa gure geletan. Irakurketa, sormena eta esperientziak partekatzea izan dira egunerokoaren ardatz, abian jarritako egitasmo ezberdinei esker.
JUUL Kanpaina: Irakurleek hitza hartu dute
JUUL kanpainaren bidez, ikasleek euskarazko liburuetan murgiltzeko tartea izan dute. Irakurtzeaz gain, hainbat idazle eta ilustratzaile ezagutzeko aukera izan dute aurkezpen ezberdinen bidez. Horrela, literaturaren inguruko ezagutza zabaltzeko eta erreferentzia berriak deskubritzeko espazio aberasgarria sortu da.
Irakurzaletasuna indartzeko bide horretan, apirilaren 23an, Liburuaren Egunean, ikasleek euren liburu eta ilustratzaile gogokoenen aldeko bozketa egin zuten Euskal Herriko ikastoletan. Hona hemen emaitzak botoen kontaketa egin ondoren.
Apirila Literarioa: Eguneroko sormen txokoa
Bestalde, Apirila literarioak egunero literaturarekin konektatzeko aukera eman digu. Hilabete osorako egutegi bati jarraituz, goizero, 09:00etan, jarduera labur bat egin dugu gelan:
- Sormena lanean: Ipuin kooperatiboak eta mikroipuinen erronkak.
- Irakurketa eta hausnarketa: Ipuinak, olerkiak eta testu ezberdinen inguruko elkarrizketak.
- Idazketa: Ideiak papereratzeko uneak.
Modu erraz baina jarraituan, literatura gure egunerokotasunaren parte bihurtu da ekimen honi esker.
Gaubela: Abentura literaturaren magian
HH5eko eta LHko ikasleen Gaubelarekin eman diogu hasiera borobila egitasmoari eta, amaitzeko, DBHkoen Gaubelarekin jarri diogu amaiera ezin hobea. Horrela, gure ikasle guztiek igaro dute gau magiko bat ikastolan, literatura eta jolasa uztartuz.
- Pirata gaua: Piratak hurbildu dira ikastolara HH5eko eta LHko ikasleei harrera berezia egitera. Abentura kutsu horrekin hasi dugu aurtengo gaubela.
- Linternak prest: Baina Gaubelaren muina irakurketa denez, ekintzak amaitzean une berezi bat iritsi da: argiak itzali eta ikasle bakoitzak bere liburua eta linterna edo frontala hartu du. Oheratu aurretik, isiltasunean, literaturaz gozatzeko tarte lasai eta magikoa bizi izan dute guztiek.
- DBHko ikasleen erronka: Nagusienentzat, ordea, gauak sorpresa zirraragarriagoa gorde du. DBHko ikasleek euren ausardia eta trebetasuna frogatu behar izan dituzte misteriozko pasabideetan barrena. Nerabeentzat ahaztezina izango den esperientzia izan da, suspensea eta adrenalina uztartu baitituzte ikastolako korridoreetan zehar.
Literaturak badu bere lekua Abusu Ikastolan
Ekimen hauek guztiek helburu bera izan dute: ikasleak literaturara hurbiltzea eta irakurtzeko zein sortzeko gogoa piztea. Giroan sumatu denez, gure ikasleek gogoz erantzun diote deiari, literatura liburuetatik atera eta esperientzia bizi bihurtuz.