BATERA prozedura

Abusu Ikastolan, egunerokotasunean oinarritzen gara profesionalen esku hartzea hobetzeko, eta noski, horretan, etengabeko hobekuntza ezinbestekoa da, funtsezkoa da Ikastolako profesionalak ahalduntzea; prestakuntza eta gogoetaren bidez.

Prestakuntza hori, askotarikoa izan daiteke: kanpokoa, barrukoa, mintegi baten egiturakoa, ikasturte osokoa, puntualagoa, teorikoa, praktikoa… Urte hauetan zehar, oso erabilgarria den eredu baterantz ere hurbilduz joan gara; gure arteko praktika gogoetatsura alegia.

Froga desberdinak egin ostean, Ikastolan bertan martxan ditugun zenbait egitura, metodologia edo/eta egiteko moduak eguneroko praktikan elkarrengandik eta elkarrentzako ezagutu eta hobetzeko kultura modu finko batean ezartzea du helburu prozedura honek.

Beraz, BATERA prozedura honen helburua Ikastola mailan egiten dugunaren azterketa eta gogoeta partekaturik ikasleen ikaskuntza prozesua egokiena izateko esku hartze-profesionala hobetzea da.

Prozedura honen baitan, dagoeneko Ikastolan martxan ditugun egitura eta metodologia desberdinak praktikan ezagutu eta aztertzeko aukera ematen zaio irakasleari, eta aldi berean, irakasle hori prest egongo da, interesa duen edozein kideri bere praktika ezagutarazi eta aztertu ahal izateko.

Ikasturtean zehar BATERA ziklo desberdinak antolatuko dira, eta beharren arabera multzokatuta, geletara bisitak egingo dira. 

Abusu Ikastolako BATERA prozedurak, foku zehatz desberdinak izan ditzake, irakasleen beharren arabera, Ikastola bezala ezarrita dauden helburuen lorpen beharretatik eratorritakoak. Hau da, irakasleak kideen praktikaz baliatuko dira eurena hobetzeko eta eurek ere kideei eskainiko diete, euren burua ziurtasunez ikusten duten horretan, prakitka ezagutu eta gogoeta egin ahal izateko.

Ikasturte bakoitzean, antolaketak horrela ahalbidetzen badu, gutxienez hiru BATERA ziklo egitea aurreikusten da eta irakasle bakoitzak, hiruhileko bakoitzean gutxienez bisita bat egingo du eta beste horrenbeste jasoko ditu.