Elkartasun Ikastolek 900.000 euro banatu dituzte 8 ikastolen proiektuei laguntzeko

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusiak gaur ebatzi ditu 2022 urterako diru-laguntzak. bederatzi eskakizun egin ziren guztira, eta horietako zortzik egin dute aurrera. Guztira, 929.824 euro banatu dituzte zortzi eskari horien artean.

Eskari guztiak aurkeztu eta aztertu ostean, Artezkaritza Kontseiluaren proposamenak bozkatu dira, eta hauxe izan da Batzar Nagusiak onartu duen diru-laguntzen banaketa:




ONARTUTAKO DIRU LAGUNTZAK
     
IKASTOLA HERRIA LAGUNTZA
Senpere Kolegioa Senpere 100.000 €
Ikastolen Etxea Kanbo 46.272 €
Beskoitzeko ikastola Beskoitze 200.000 €
Argia Ikastola Tutera 7.300 €
Ibaialde Ikastola Lodosa 100.000 €
Tantirumairu ikastola Lesaka 150.000 €
Bastida Ikastola Bastida 80.000 €
Harrobia Ikastola    162552
    911.824 €
Auditoria gastua   18.000 €
GUZTIRA 2021   929.824 €

 

2012an sortua

Balioan jarri nahi dugu elkartasun ahalegin honek daukan neurri izugarria. Izan ere, 2012ko azaroan Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu zenetik, ikastola guztien ekarpenari esker 7.186.848 euro banatu dira beharra zuten ikastolei lagundu eta inbertsio berriak sustatzeko. Eta denboran atzerago joango bagina, 1992 urtetik indarrean dagoen ikastolen Elkartasun Kutxak 18 milioi eurotik gora banatu ditu guztira.

Bi europar kooperatibatan batzen gara ikastolak; Ikastolen Elkartea eta Elkartasun Ikastolak. Ikastola guztiak gara bazkide bietan. Lehenak elkarlana irudikatzen badu, bigarrenak, izenean bertan dioen bezala, elkartasuna du ardatz.

Ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren arabera urtero egindako ekarpenetik elikatzen da Elkartasun Kutxa, eta urtero banatzen da diru hori premia handiena duten ikastolen artean, ekarpen edo mailegu gisa. Azken urteotan, urtero 800.000 euro inguru banatu dira.

Bere xede nagusia ikastolen bideragarritasuna bermatzea izanik, Elkartasun Kutxak helburu zehatz hauek ditu:

֍ Ikastola berriak sortzen laguntzea.

֍ Dagoeneko sortuta dauden ikastoletan, aktibitate estrategiko berriak abian jarri eta garatzen laguntzea.

֍ Inbertsio estrategiko berriei aurre egiten laguntzea.

֍ Tokian tokiko ikastola eta eremuetan, Ikastola Taldearentzat estrategikoak diren lerro berriak sortzen laguntzea.

Taldearen laguntza behar duten ikastolentzat ikasturte amaieran irekitzen da eskaera egiteko deialdia, eta hurrengoaren hasierara bitartean jasotzen dira eskariok.

Batzorde Tekniko batek aztertzen ditu Elkartasun Kutxaren laguntza behar duten ikastolen eskariak. Talde hau Ikastolen Elkarteko eta ikastoletako adituek osatzen dute. Hauek txosten bat egiten dute, eta Balorazio Batzordera igortzen. Balorazio Batzordea Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko eta zuzendaritzako kideez osatuta dago, eta txostena aztertu eta Artezkaritza Kontseilura eramaten dute behin-behineko proposamena. Artezkaritza

Kontseiluak txostena aztertu eta oniritzia eman ostean, Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusian bozkatuko dira urte horretako proposamenak.