Erasmus+ elkartrukea

DBHko 4. mailako ikasleek Cuijkeko (Herbehereak) MerletCollege bigarren hezkuntzako eskolarekin elkartrukea hasiko dute larunbat honetan, Erasmus+ programaren eskutik. Programa horrek hezkuntza-mugikortasuna, lankidetza, hezkuntza-garapena eta prestakuntza sustatzen ditu. Lehenengo aldiz, Abusu Ikastolak programa honetan parte hartuko du, eta guztira 21 ikaslek hartuko dute parte.

Larunbat honetan harrera egingo zaie ikastolan Merletcollegeko ikasleei, agurra dantzatuko zaie, bertso batzuk bota eta gurasoek antolatutako luntx goxo bat eskainiko zaie. Ekitaldia amaitutakoan, ikasle bakoitza dagokion familiaren etxera joango da, eta bertan astebete igaroko du.

Ikastolak hainbat ekintza eta tailer antolatu ditu ikasle nederlandarrek Bilbo eta inguruak eta gure kultura eta ohiturak ezagut ditzaten.

Astelehenean sakonki ezagutuko dute ikastola 4. mailako ikasleek antolatutako gymkana batean parte hartuz. Asteartean, txango bat antolatu da Billbo ezagutzeko, besteak beste, Guggenheim museoa bisitatuko dute, itsasadarrean zehar kayak ibilaldia egingo dute eta, azkenik, Alde Zaharrean murgilduko dira, non praktikan jarriko duten “Grab your coat” proiektuaren bidez sortutako audiogida.

Asteazkenean eta ostegunean Bilbo utzi eta, lehenengo egunean, Ibaizabalen bi ertzak ezagutuko dituzte Bilbaboatsen nabigatuz Zubi Esekian eta Areetan geldialdiak eginez, azkenik Getxoko Portu Zaharra bisitatzeko. Ostegunean Urdaibai aldera abiatuko dira Gaztelugatxe, Mundaka, Gernika eta Elantxobe ezagutzeko.

Ostiralean, Merletcollege-ko ikasleak Cuij-era abiatuko dira, irribarrez eta oroitzapen onez betetako motxila batekin.