Etengabeko hobekuntza: oraingoan, Trilema Fundazioaren eskutik

Ikaskuntzara bideratutako etengabeko hobekuntza eta berrikuntzan oinarritzen da gure eredu metodologikoa eta funtsezkoa zaigu uneoro pedagogia eta metodologia arloan ere ikusten eta ikasten jarraitzea.

Helburu argia dugu honekin: gaur egungo hezitzaileon rolak eskatzen duenaren arabera prestatzea, gure ikasleek dituzten askotariko beharrei modurik eraginkorrenean erantzun ahal izateko eta etorkizun hurbilean biziko dituzten egoera eta erronka desberdinei modurik aktiboenean aurre egin ahal izateko ahalduntzea.

Hori dela eta, martxoan zehar hainbat formakuntza saio hasi ditugu (apirila eta maiatzean zehar jarraipena izango dutenak), kasu honetan Trilema Fundazioaren eskutik.

Batetik, modurik zabalenean ulertuta, ikasgela modurik eraginkorrenean kudeatzeko estrategia eta tresna desberdinetan jarri dugu fokua. Besteak beste, denborak, espazioak eta bestelako baliabideak ikaslearen aprendizaia zerbitzura jartze horretan gaur egun eragiten duten gakoak gureganatzen hasi garelarik.

Bestalde, Ikastolako HOBE taldeak (Hobetu-Osatu-Berritu-Egin), ere ikasturte honetako lehen saioa jaso du Coaching teknikaren inguruan. Honen helburua, taldekideak akonpainamendu prozesuak egiteko  jantzi eta Abusu Ikastolako hezitzaileok berrikuntza eta hobekuntza prozesuan eskutik joatea da.

Horretaz gain, aurreko astean irakasle talde bat Zamorara joan zen pedagogia eta hezkuntza arloan sakondu, eta erreferentziazkoak diren beste zentro batzuen egunerokotasuna bertatik bertara ezagutzera.

Ziur gaude formakuntza hauek eta etorriko direnak, Ikastolaren egunerokotasuna hobetzen jarraitzeko haziak izango direla.