Tanta zozketa 2022

Euskal Herriko ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko TANTA egitasmoa jarri dute martxan Ikastolen Elkarteko eta ikastolen aldeko jaietako ordezkariek.

Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena.

Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, TANTA txartel bakoitzeko. Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu.

TANTA txartelaren bitartez, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak.

Ikastolek herritarren elkartasun adierazpen hau saritu egin nahi dugunez, TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute, ekainaren 24an gauzatuko dena notario aurrean.

TANTA ZOZKETA