Euskararen Festa Abusun

Euskararen eguna dela eta, ekintzez blai izango dugu Ikastola 

Euskararen Nazioarteko Eguna urtero lez abenduaren 3an ospatuko da, baina asteburua denez, Abusu Ikastolan Euskararen Festa astelehenean antolatuko dugu, hilaren 5ean. 

Ekintzez betea izango dugu eguna: 

  • Goizean Argitxok bisitatuko ditu Haur Hezkuntzako ikasleak, konpromezuaren mezua irakurriko da eta bertsoak entzuteko aukera izango dugu besteak beste. Ondoren Herri Kiroletan jardungo dute ikasleek, txapel jaurtiketa lehiaketaren finala izango dugu, eta irakasleek ere izango dute lehiatzeko aukera. Hainbeste ekintzekin gosea ere piztuko zaigu… baina ez larritu, pintxoak izango baititugu denentzat.
  • Arratsaldeko 15:00etan Haur eta Lehen Hezkuntzako 1-2-3. mailetako ikasleek Mugi Zaitez Disko festa izango dute, lehertu arte dantza egiteko. Lehen Hezkuntzako 4-5-6. mailetako ikasleek DBHko ikasleekin batera, La Basuren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute!
  • Egunari amaiera gozoa emateko Txokolatada izango dugu 16:30etan. Ondarruko IbilaldiXE-ren arropak egongo dira salgai, Jolas Truke azokarekin batera, eta Zinema Euskaraz izango dugu sotoan.

Abusu Ikastolaren ardatz nagusietako bat da Euskara, egunero jarduten baitugu gure hizkuntzak arnasa har dezan. Gurean euskarak 365 egun baditu ere, berezia izango da astelehena, eta gurekin ospatzera gonbidatzen zaitugu.