Familien gosaria eta hamaiketako osasuntsua tailerra bihar ikastolako jantokian

Bihar goizeko 8:30etik aurrera ikasleen familiartekoek ikasleekin batera ikastolara gosaltzera etorri ahal izango dira elkarrekin une dibertigarri eta osasungarria pasatzeko. Abusu Ikastolan urteak daramatzagu famili gosaria ospatzen (lehen gosari osasuntsua deitua). Helburu desberdinak daude ekintza honen baitan, familiak eta ikasleak hezkuntza zentroan eguneko otordurik garrantzitsuena egitea, esperientziak partekatzea, denbora elkarrekin pasatzea eta gosari orekatu batean egon daitezkeen jaki ezberdinak ezagutzea besteak beste.

9:30ean hamaiketako osasuntsua tailerra.

Familien gosariaren ostean, hamaiketako osasuntsuaz hitz egiteko tartetxo bat egongo da Askorak zuzenduko duen tailer baten bitartez. Ikastolako ikasleek aurreko hilabetean jaso zuten gai beraren inguruko tailerra eta antolatzaileen esanetan oso interesgarria izan zen bertan sortutako solasaldia. Ikastolara eramaten diren hamaiketakoak aztertu zituzten. Beti berdina eramaten al dute? Aurrez modu kontziente batean prestatzen dituzte hamaiketakoak? Nola eramaten dituzte jakiak ikastolara; plastikozko tuperretan edota zilar paperean? Elikagai bakoitzaren nutrizio "etiketa" begiratzen al dute? Galdera asko argitu zituzten aipatutako tailerrean. Orain gurasoen txanda da. Bihar 9:30ean gurasoentzat ospatuko den tailerrean gosari osasuntsua dastatzeaz gain, beraren gaineko tailerra egingo dute. Askora-ko nutrizio, kalitate eta ingurumen saileko dinamizatzaile batek tailerra zuzenduko du. Abusu Ikastolako familiak, bertan espero zaituztegu!